XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

80ko hamarkadaren lehen parteko eztabaida eta polemika gehientxoenek ez dute bide luzerik egin argitalgintzan. 1982ko entrebistan esaten zuen A. Lertxundik inprimatzaileari ordaindu behar zaiola inork auzitan jartzen ez duen bezala planteatuko dela gerora autore-eskubideen arazoa. Idazle gehientxoenak jarrera horretan daude gaur.

Baina bizi ahal liteke, bizi? Jakina baita deretxo horiek dirutan gutxi suposatzen dutela. Gosaritarako ere ez dutela ematen. Eta gainera, irregularrak direla, gaur bai eta bihar ez. J. Steinbeck-ek esaten omen zuen idazle-ofizioarekin konparatuta zaldi-apostularia jarduera egonkor eta ziurra dela.

Berriz gogoratu behar da idaztetik bizitzea ez dela besterik gabe literaturatik bizitzea. Idaztetik bizi ahal izateko, gehienetan, erregistro askotariko idazlea izan behar da, multi-idazlea multimediaren garaian.

Eskubide ekonomikoen ahuldade eta irregulartasuna egile-eskubideen ezaugarri unibertsalak badira, Euskal Herrian kokatzen direnean txikiagoak dira. Idazleen % 42,4k kobratu duen azken urtean ehun mila pezetatik behera kobratu duela dio. Milioi-erditik behera kobratu du % 10,3k. Hortik gora kobratu dutenak % 7 dira. Ez da ahaztu behar multzo handi batek (% 29,3) ez duela deus kobratu esan duela.

Idazle gisa profesionalizatzeari buruz egin diren urratsek eman dute fruiturik. Ez naiz ari orain produkzio intelektualaz, baizik ekoizpen horren emaitza ekonomikoez. Hona erantzunak:

Idazle-lanetatik bizi naiz osoki: % 6,0

Idazle eskubideak-eta osagarri inportanteak dira nire ekonomian: % 8,7

Idazle-lanengatik jaso ohi dudana huskeria da: % 69,6

Idazle izatea dela bere bizibidea aitortu du arestian % 9,2k, nahiz eta osoki ofizio horretatik ez bizi horietako % 3,2, ikusten denez. Bere sarreren % 50etik gora autore-eskubide bezala jasotzen duena, idazle profesionala dela edozein herritan, gogoratu behar da berriro.

Gutxiengo kualifikatu honen ondoan gehiengoaren egoera ikusita, bistan da idazleen profesionaltasuna gertakari minoritarioa dela. Minoritarioa bai, baina dagoeneko inportantea eta etorkizunera irekia, argumentu biologikoa alde duelako.